Izen-ematea zabalik: “Hitzen ahairea, zeri kantatzen diogu euskaldunok?”

Gotzon Barandiaran eta Rafa Rueda izango dira Kantuz eta Kontuz euskal kantagintza tailerren bigarren edizioaren gidariak. Hitzen ahairea, zeri kantatzen diogu euskaldunok? izenpean tailerra 2018ko urtarriletik maiatzera bitartean izango da. Izena emateko epea zabalik egongo da urtarrilaren 8ra arte.

Oihaneder Euskararen Etxeak eta GEU elkarteak elkarlanean antolatutako Kantuz eta Kontuz proposamenak gasteiztarrak euskal kantagintzara erakartzea du xede. Iaz abiatu zen Mikel Markezekin eta izandako harrera onaren ostean 2018an segida izango du.

Gotzon Barandiaran idazleak eta Rafa Rueda musikariak gidatuko duten “Hitzen ahairea, zeri kantatzen diogu euskaldunok?” izeneko tailerra 2018ko urtarriletik maiatzera bitartean izango da, hilabete bakoitzeko asteazken banatan 19:00-21:00 artean.

 

 

 

Tailerraren nondik-norakoak:

Zelan kantatu dute gure idazle eta musikariek Euskal Herria?

Zein eragin (izan) dute idazle eta musikarien artean sortutako kantek euskaldunon imajinarioan?

Zein alde dago Historia liburuetan erakusten digutenaren eta idazle eta musikarien artean sortutako kantek kontatzen dutenaren artean?

Galdera hauei erantzuna ematen ahaleginduko dira tailerrean parte hartuko dutenen artean. Horretarako, zenbait kantari eta musika taldek kantuetarako erabili dituzten testuak, eta kantari eta poeten arteko harremanak aztertuko dira.

Euskal Herriaren historiari errepaso bat egingo zaio, eta bertan txertatuko dira idazle zein musikarien arteko harremanak zein testuinguru historikoak beraiengan izan zuten eragina.

Idazle eta musikarien artean sortutako kantak izaki, idazleak eta musikariak aurkeztuko dira: datu biblio/diskografikoak zein biografikoak; kantak sortzailearen obran duen garrantzia; kantak argitaratu ziren une historikoan izan zuten eragina eta gerora gure imajinarioan utzitako arrastoa.

Kanta gehienak zuzenean joko dira, nahiz eta beste zenbait kanta grabazioetatik entzungo diren. Kantak letrari zein musikari dagokionez aztertuko dira.

Egitaraua:

  • Urtarrilak 10: Gure poeta eta musikariek Euskal Herriaren historiako hainbat gertakari gogoangarriri zelan eta zergatik kantatu zioten aztertuko da
  • Otsailak 7: Herrimina, natura, espetxea, bakea, mespretxua: Erbesteari edota gerrari begiratzeko kantak
  • Martxoak 7: Gerraosteko literatura eta kantagintza
  • Apirilak 11: 1980, zer da euskaldun izatea?: Gure herriak bizi izan dituen egun sumenditsuenak
  • Maiatzak 9: Gaur egun, zeri kantatzen diogu euskaldunok?

Izen-ematea:

Tailerrean izena emateko epea azaroaren 27tik urtarrilaren 9ra zabalduko da.

Matrikula orokorrak 30 €ko prezioa du, langabe eta ikasleentzat 20 €.

Ordainketa matrikulazio epea bukatu ondoren egingo da (saioa egiteko gutxieneko taldea sortu denaren jakinarazpenarekin batera bidaliko dira ordainketa egiteko argibideak).

Gotzon Barandiaran Arteaga:

1974ko martxoaren 21ean jaio zen Larrabetzun. Euskal idazle eta kulturgilea da. Literaturan egindako lanaz gain, besteak beste musikaren arloan Bihotz Bakartien Klubaren eta Katamalo taldearen partaidea izan da. Halaber, “Ahotsenea”-ren koordinazio lanak egin ditu Durangoko Azokaren lantaldean 2011tik 2013ra arte. Literaturari dagokionean Arrakalak (2004, Susa) eta Katamalo (2007, Susa) poesia lanak plazaratu ditu eta Errotik (2010, Susa) eta Gidariaren okerra (2015, Susa) nobelak.

Rafa Rueda:

1972ko abenduaren 28an jaio zen Mungian. Abeslari eta gitarrista da. Broken Bihotz eta Pi.L.T. taldeetan aritu zen, bakarlari moduan hasi aurretik. Bost disko grabatu ditu bere izenarekin: Kea (2003, Metak), Saredun eskua (2006, Gaztelupeko Hotsak), Zuhaitz okerretan gora noa (2008, autoekoizpena), Haragizkoa (2006, KAP), Enaren geometria (2011, autoekoizpena), Gabrielen lekua (2013, Erroa).

Literatura eta musika uztartzen dituzten hainbat proiektutan parte hartu du, eta ekoizle lanak ere egin ditu beste kantari batzuentzat (Petti, Anje Duhalde, Jon Enbeita, Txuma Murugarren, Kokein…). Estepan Urkiaga Lauaxeta poetaren omenezko disko bat koordinatu du ere, Ehungarrenean hamaika. Gaur egun Lou Topet taldeko kidea da eta Hiri kristalezkoa (2017, Elkar) diskoa plazaratu berri du.

 

Euskaltzaletasuna eta feminismoa: zer ikasi, hura elikatu

“Euskaltzaletasuna eta feminismoa: zer ikasi, hura elikatu” izeneko ikastaroa antolatu dugu elkarlanean UEUk, Jakin Aldizkariak eta Oihaneder Euskararen Etxeak. 2018ko urtarriletik maiatzera bitartean izango da hilean behin; 5 saio guztira. Izena emateko epea zabalik dago.

Hizkuntza eta generoa gurutzatzen direla badakigu, hizkuntza hautuak igarotzen direla genero eraikuntzatik eta alderantziz; prestigioaren, pribilegioen eta eskubideen banaketak osatzen duen sareak jendarteko botere harremanetan gurutzatzen direla.

Euskara eta generoa ere ez doaz aparte, eta, horrenbestez, biak, euskara eta generoa, menderakuntzaren alaba izaki, ahalduntzeko eta boteretzeko prozesu berean txirikordatzen diren bi bide dira. Euskaltzaletasuna eta feminismoa dira ahalduntzearen bi alabak.

Bi izate, praktika eta prozesu horiek non gurutzazten diren, ze ezaugarri partekatzen dituzten, batak bestetik zer ikas lezakeen eta bien arteko aliantzak ze esparru emankor zabaltzen digun mahai gainean jartzea da ‘Euskaltzaletasuna eta feminismoa: zer ikasi, hura elikatu’ ikastaroaren helburua.

Ikastaroko saioak hileko azken astearteetan izango dira Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeko Betolaza aretoan, arratsaldeko 19:00etan.

Egitaraua:

  • Urtarrilaren 30a: Lorea Agirre eta Idurre Eskisabel: ‘Euskaltzaletasuna eta feminismoa, ahalduntzeko elkargunea’
  • Otsailaren 27a: Mari Luz Esteban: ‘Feminismoa eta euskaltzaletasuna: elkargune bat baino gehiago’
  • Martxoaren 20a: Amelia Barquín: ‘Nola erabili euskara modu ez-sexista batean?’
  • Apirilaren 24a: Miren Artetxe:Bat-batean ahalduntzen? Bertsolaritza, hizkuntza eta generoa
  • Maiatzaren 29a: Mahaingurua: Aizpea Otaegi, Jaime Altuna eta Ane Labaka: ‘Euskara eta generoa gurutzatzen diren lekua’

Ikastaro osoan (edo saioren batean) izena emateko: hemen.

“Gabonetan Jai”rako gonbidapenak agortu dira

Gabonetan jai  familia giroan euskaraz gozatzeko ekimena bueltan da hirugarren urtez. 2018ko urtarrilaren 2tik 4ra bitartean izango da eta Baserrian Amets, Izeba tekla eta Magia parrastan ikuskizunek osatzen dute kartela. Ikuskizun bakoitza  alde zaharreko Goian proeiktuaren baitako ekintza batekin osatuko da. Parte hartzeko gonbidapenak agortu dira.

Aurreko edizioan bezala familian gozatzeko ikuskizunak urtarrilaren 2tik 4ra bitartean  izango dira eguerdiko 12:00etatik aurrera. Diziplina kultural ezberdinetako jarduerak izango dira: antzerkia, musika eta magia. Saioak adin ezberdinetako umeei zuzenduta egongo dira.

Ikuskizunez gain, Goian egitasmoaren baitako taldeek parte hartuko dute. Lehenengo egunean, antzerkiaren ostean Sukaldari txikien” taldeak tailerra egingo du. Bigarren saioari “Auzo dance” taldearen dantzaldiarekin hasiera emango zaio. Gabonetan jairen hirugarren saioaren amaieran  “Alde zaharreko zirko handiaren” kideek malabare tailer labur bat egingo dute.

Programa:

  • Baserrian Amets (Eidabe): urtarrilak 2, 12:00etan. 3-6 urte bitartekoentzat.
  • Izeba Tekla (Xabier Lizaso):  urtarrilak 3, 12:00etan. 2-12 urte bitartekoentzat.
  • Magia Parrastan (Imanol Ituiño): urtarrilak 4, 12:00etan. 6-12 urte bitartekoentzat.

Parte hartzeko gonbidapena beharrezkoa izango da. Gonbidapenak agortu dira.

Ateak ikuskizunak hasi baino ordu laurden lehenago zabalduko dira eta umeek gurasoak edo beste helduren batek lagunduta egon behar dute.

Olentzero eta Mari Domingirekin solasAlean

Abenduko SolasAlean saioan gonbidatu bereziak izan ditugu: Olentzero eta Mari Domingi. Oraingoan elkarrizketa irekia birtuala izan da; umeek aldez aurretik bidalitako galderak egin dizkiegu ikazkina eta artzainari.

Olentzero eta Mari Domingo oso lanpetuta dabiltza egunotan baina tartetxo bat egin zioten ALEA eta Oihanederreko galtzagorriari haurrek aurretik bidalitako galderak erantzuteko. Nola egiten dituzue jostailuak? Nola ekartzen dituzue? Zein da zuen kantarik gogokoena?… askotariko galderak eta askotariko erantzunak.

Galdera-erantzun guztiak hurrengo bideoan jaso ditugu:

Euskara Pantaila Handian

Gazta zati bat, Gernika, Bertsolari, Gartxot eta Arriya filmeek osatzen dute  Euskara Pantaila Handian ekimenaren 2. edizioaren eskaintza. Oihaneder Euskararen Etxeak eta Gasteizko euskaltegiek euskara ikasleei euskarazko zinema eskaintzeko elkarlanean antolatutako ekimena azaroan hasi eta apirilera bitartean burutuko da. Gaurkoan programatutako bigarren filma eskainiko da: Bertsolari.

Aurreko ikasturteko arrakastaren ondorioz, 700 ikasletik gora hartu zuen parte, Euskara Pantaila Handian ekimena bueltan da. Jarduera honen bitartez, Oihaneder Euskararen Etxeak eta AEK, Bai & By, Hegoalde, Udaberria eta IKA euskaltegiek euskarazko pelikulak ikusteko aukera luzatu nahi diete Gasteizko euskara ikasleei.

Iaz bezala hilean behin pelikula bat eskainiko da. Azaroaren 14an eman zitzaion hasiera zikloari autodeterminazioaren eskubidea  jorratzen duen Gazta zati bat dokumentalarekin.

Gaur, abenduak 13, Bertsolari filmaren txanda izango da, Bertso Txapelketa Nagusiaren finalaren atarian. 2018an Gernika, Gartxot eta Arriya emango dira. Apirilean zikloa itxiko duen filma guztiz zehaztu gabe dago oraindik; baina Handia edo Errementari izatea da aurreikuspena.

Proiektatuko diren pelikula gehienak euskaraz ekoitzitakoak dira eta bada euskarara bikoiztutakoa ere. Aurreko urteko dinamikari jarraiki, euskaltegiek pelikula bakoitzaren unitate didaktikoa prestatuko dute proiekzioa baino egun batzuk lehenago ikasleekin lanketa berezia egiteko.

Alaine Agirre idazlea abenduaren 13an Judimendiko liburutegian

Udalaren Liburutegi Sareak “Idazleekin solasean” izeneko programa du martxan, euskal idazleak liburutegietara ekarri eta irakurleengana hurbiltzeko, eta asmo horretan Karmele Jaio aritzen da dinamizatzaile lanetan. Urte bukaera gertu dugun honetan, urteko azken topaketan Alaine Agirre izango da protagonista, eta Erraietatik idazten duen idazlea izenburua jarri dio bere solasaldiari.

Azken bi liburuak aurkeztu berri ditu: Maren eta Libe (Erein, 2017), aurretik Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama (Elkar, 2017) argitaratua zuen, baita beste eleberri batuk, poema liburu bat, haur eta gazteentzako literatura… lan oparoa utzi digu “idaztera kondenatuta” dagoen idazle honek.

Bere idazlanak izango ditu mintzagai, nola idazten duen, nolako bidea egiten duen testuak sortzean, orain arteko bere ibilbide literarioa…

Solasaldia abenduaren 13ean (asteazkena) izango da, 19:00etan, Judimendi gizarte etxeko liburutegian. Sarrera librea.