Oihaneder Euskararen Etxea

» Albisteak » Xabier Montoia vs No english, please

Xabier Montoia vs No english, please

Xabier Montoia vs No english, please izeneko ezohiko kontzertua eskainiko digu Saski Naski, sorkuntza artistikoen otzara zikloak igande honetan, martxoak 19. Montoiak ingelesa ez den beste 8 hizkuntzatan abestuko ditu bere kanta batzuk eta hainbat bertsio. Apirilean Ilustrazioek hitz egiten dutenean saioaren txanda izango da.

saski-naski_02_xabier-montoia_v4Otsailean Karmele Jaioren Orain hilak ditugu ikuskizun literarioarekin abiatu ostean, Saski Naski zikloak beste gasteiztar baten proposamena dakarkigu martxoan, Xabier Montoia idazle eta musikariaren Xabier Montoia vs No english, please ikuskizuna, hain zuzen ere.

Ez da ohiko kontzertua izango, Bilbo aldean abian jarritako Izar  & Star VII  egitasmoan oinarritutako musikaldia baizik. Oraingo honetan Montoiak Ibon Rodriguezekin (pianoa eta gitarra) eta Itziar Lertxundirekin (txeloa) partekatuko du eskenatokia. Ikuskizunean ingelesa ez den beste 8 hizkuntzatan abestuko dituzte hainbat bertsio; katalanez, italieraz, frantsesez, galegoz, alemanez… Xabier Montoiaren abesti propioak, Caetano Veloso, Maria del Mar Bonet, Kurt Weill eta beste batzuen kantekin tartekatuko dituzte. Igandean, martxoak 19, arratsaldeko 19:00etan izango da. Sarrera librea da lekua bete arte

Apirilaren 23an, Liburuaren Nazioarteko Eguna aitzaki, letretera itzuliko gara, literaturara eta liburuetako ilustrazioetara, hain zuzen ere. Galtzagorri haur eta gazte literaturako elkartearekin elkarlanean eta Mikel Ayerbe koordinatzaile lanetan, Ilustrazioek hitz egiten dutenean zuzeneko emanaldia izango da hiru ilustratzailerekin, hirurak emakumeak: Elena Odriozola, Maite Gurrutxaga eta Helena Azkarragaurizar.

saski-naski-logoaOihanederren oinarrizko asmoetako bat euskal sortzaileei beren lanak ezagutarazteko plaza eskaintzea da. Euskal kulturaren inguruan urtean zehar sortzen diren proiektu artistiko ezberdinak ugariak eta anitzak dira eta etxe honek ahalik eta gehienei leku egin nahi die. Horiek horrela, proposamen artistiko desberdinak eskainiz, Saski Naski, sorkuntza artistikoen otzara betetzen joatea da asmoa. Otzara edo otarra, bere baitan hartu nahi dituelako euskaraz sortzen diren produkturik onenak, berritzaileenak, orijinalenak. Saski Naskia, denetarik sartu nahi delako, hala ikuskizun literarioa nola zuzeneko ilustrazio saioa;  dela antzerki esperimentala edo magia ikustaldia. Euskal Herrian sortzen diren euskarazko ikuskizun artistiko ezberdinen erakusleihoa izatea da asmoa. Hilean behin izango da, igande arratsaldetan 19.00etan, asteko azken orduei eskaintza kulturala egin asmoz.

Erantzun bat utzi