Oihaneder Euskararen Etxea

» Albisteak » Sendabelarrak, birziklatzea eta musikoterapia familian eta euskaraz

Sendabelarrak, birziklatzea eta musikoterapia familian eta euskaraz

Maiatzaren 8tik zabalik dago Oihanederrek antolatutako familientzako tailerretan izena emateko epea. Zehazki, hiru tailer egingo dira, sendabelarrena, birziklatutako materialak oinarri dituen Kli-Kla birzikla izenekoa eta musikoterapiaren ingurukoa, larunbat goizetan. Lehenengoa maiatzaren 27an, eta beste biak, ekainaren 3an eta 10ean izango dira, hurrenez hurren. Izena emateko epea maiatzaren 21era arte luzatuko da.

Familiei zuzendutako lehen tailerrak sendabelarren mundura euskaraz gerturatzeko gonbidapena egiten du. Maiatzaren 27an izango da eta parte-hartzaileek landereei darien usainez, koloreez eta erabilgarritasunez gozatu ahal izango dute.

Ekainaren 3an Kli-kla birzikla izeneko birziklatze tailerra egingo da, etxean dauzkagun material ezberdinez baliatuz eta irudimena landuz jostailu, apaingarri eta panpinak sortzeko lantegia, alegia.

Azken tailerrak musikoterapia izango du oinarri ekainaren 10ean.  Musikoterapeuta profesional baten laguntza baliatuz, musika eta euskara erabiliz guraso eta haurren arteko harremanak sustatuko dira.

Hiru tailerrak goizeko 11:30ean hasiko dira eta ordubete eta ordu eta erdi arteko iraupena izango dute.

Izena emateko honako inprimakia bete behar da maiatzaren 8tik 21era bitartean. Tailerrak doakoak dira.

Parte hartuko duten umeek gutxienez 4 urte izan beharko dituzte eta gurasoetako batek (ez biek) lagunduta etorri beharko dira. Tailer bakoitzean  24 lagunentzako tokia egongo da gehienez, 12 ume eta 12 guraso. Plazak esleitzerako orduan izena emateko hurrenkera errespetatuko da. Printzipioz familia bakoitzak tailer bakarrean eman dezake izena eta toki libreak geratzekotan, interesa agertzen dutenei bigarren tailer batean parte hartzeko aukera ematea aztertuko da. Saioak euskara hutsean izango dira, beraz parte-hartzaile guztiak (gurasoak eta umeak) euskaraz ondo moldatzea ezinbestekoa da.

Erantzun bat utzi