Oihaneder Euskararen Etxea

» Albisteak » Saski Naski, sorkuntza artistikoen otzara

Saski Naski, sorkuntza artistikoen otzara

Saski Naski, sorkuntza artistikoen otzara izeneko ziklo berria martxan da Oihanederren. Hilean behin, igande arratsaldetan, diziplina anitzetako euskarazko ikuskizunak ekarriko ditu Euskararen Etxera. Orain hilak ditugu ikuskizun literarioarekin abiatuko da otsailaren 19an, Karmele Jaio protagonista eta Triku Villabella, Aitor Agirre eta Ander Elorza lagun dituela. Martxoan Xabier Montoiaren txanda izango da eta apirilean Elena Odriozolak, Maite Gurrutxagak eta Helena Azkarragaurizarrek beteko dute eskenatokia Ilustrazioek hitz egiten dutenean saioa taularatzeko.

saski-naski_orain-hilak-ditugu_webOihanederren oinarrizko asmoetako bat euskal sortzaileei beren lanak ezagutarazteko plaza eskaintzea da. Euskal kulturaren inguruan urtean zehar sortzen diren proiektu artistiko ezberdinak ugariak eta anitzak dira eta etxe honek ahalik eta gehienei leku egin nahi die. Horiek horrela, proposamen artistiko desberdinak eskainiz, Saski Naski, sorkuntza artistikoen otzara betetzen joatea da asmoa. Otzara edo otarra, bere baitan hartu nahi dituelako euskaraz sortzen diren produkturik onenak, berritzaileenak, orijinalenak. Saski Naskia, denetarik sartu nahi delako, hala ikuskizun literarioa nola zuzeneko ilustrazio saioa;  dela antzerki esperimentala edo magia ikustaldia. Euskal Herrian sortzen diren euskarazko ikuskizun artistiko ezberdinen erakusleihoa izatea da asmoa. Hilean behin egingo da, igande arratsaldetan 19.00etan, asteko azken orduei eskaintza kulturala egin asmoz.

Saski Naski otsailaren 19an abiatuko da Karmele Jaio idazlearen Orain hilak ditugu poema liburuan oinarritutako ikuskizun literarioarekin. Karmele Jaio bera eta bi musikari oholtza gainean: Aitor Agirre eta Triku Villabella. Hirurek, Ander Elorzaren irudiak lagun, Jaioren unibertso poetikoa gozaraziko digute.

Martxoaren 19an beste gasteiztar handi baten txanda izango da, Xabier Montoia idazle eta musikariarena, hain zuzen ere. Ez da ohiko kontzertua izango, Bilbo aldean abian jarritako Izar  & Star VII  egitasmoarekin bat egingo duen musikaldia baizik. Xabier Montoia VS  No english, please izeneko ikuskizunean ingelesa ez den beste 8 hizkuntzatan abestuko dituzte hainbat bertsio; katalanez, italieraz, frantsesez, galegoz, alemanez… Xabier Montoiaren abesti propioak, Caetano Veloso, Maria del Mar Bonet, Kurt Weill eta beste batzuen kantekin tartekatuko dituzte Xabierrek berak, Ibon Rodriguezek eta Itziar Lertxundik.

Apirilaren 23an, Liburuaren Nazioarteko Eguna aitzaki, letretera itzuliko gara, literaturara eta liburuetako ilustrazioetara, hain zuzen ere. Galtzagorri haur eta gazte literaturako elkartearekin elkarlanean eta Mikel Ayerbe koordinatzaile lanetan, Ilustrazioek hitz egiten dutenean zuzeneko emanaldia izango da hiru ilustratzailerekin, hirurak emakumeak: Elena Odriozola, Maite Gurrutxaga eta Helena Azkarragaurizar.

Aurrerago ikuskizun gehiago izango dira. Oraingoz Saski Naskiko produktu kultural hauek izango dira datozen igande arratsaldeen gozagarriak.

Erantzun bat utzi