Oihaneder Euskararen Etxea

OIHANEDER

Oihaneder Euskararen Etxea aisialdiari eta kulturgintzari lotutako topagune naturala da, eta Gasteizko Kafe Antzokia egitasmoaren oinarrietako bat.

Euskara du ardatz, eta euskarazko adierazpide artistiko ororen erakusleihoa da. Kulturgune eta sorgune izateko bokazioarekin jaio da. Sortzaileen elkargunea da, formaziorako espazioa, eta batez ere euskaltzale zein kulturzale guztion erreferentea.

Arnasgunea da, euskarari arnasa ematen baitio: euskara du hizkuntza nagusi, gainontzeko hizkuntzak bazterrean utzi gabe.

LANKIDETZA

Oihaneder Euskararen Etxea instituzioen eta euskal eragileen arteko lankidetzan oinarritzen da.

Udalak 2013-2017 epealdirako definitu duen Euskara Biziberritzeko Planak adierazten duen bezala, oraindik ere beharrezkoa da euskarazko kulturgintza indartzea eta garatzea, eta horretarako komeni da gizarte eragile guztien koordinazioa eta lankidetza sendotzea: bai kulturgintzakoak, bai euskalgintzakoak.

Gasteizko Kafe Antzokiaren aldeko plataforma (GKA), bestalde Gasteizen euskara zabaltzeko eta euskal kulturari berariazko espazio bat eskaintzeko bokazioarekin sortu zen. Gasteizko Kafe Antzokia eta Oihaneder Euskararen Etxearen proiektuak indartzeko jaio zen.

Gasteizko Udala eta Gasteizko Kafe Antzokiaren aldeko plataforma elkarrekin ari dira proiektua bultzatzen eta gidatzen.