Oihaneder Euskararen Etxea

» Albisteak » Oihaneder zein Zeledon, euskaraz beti on!

Oihaneder zein Zeledon, euskaraz beti on!

Andra Mari Zuriaren jaiak ate joka ditugula abuztuaren 7rako proposamen bikoitza prestatu du Oihanederrek. Eguerdiko 13:00etan Bidaibizitzen umeentzako ikuskizuna egongo da Falerinan, gure irudimen eta ametsen mundura aske bidaiatzeko gonbidapena. Gauean Kargak & Deskargak kaleko bertso eta musika proposamen ibiltaria abiatuko da GEU txosnatik, 21:00etan. Ondoren Gaztetxera egingo du salto, eta handik Falerina lorategira.

Gasteizko jaietako txikien egunean, abuztuaren 7an, Zirkun Zirko konpainiak Bidaibizitzen umeentzako ikuskizuna eskainiko du 13:00etan Falerina lorategian.

Antzerki-lan honen protagonista nagusiak: Zirkunek; eta txontxongilo txikiak: Tinak, bidaia liluragarria hastea erabaki dute: Bidaibizitzen. Bidean abentura mordoa bizi eta  pertsonaia dibertigarri ugari ezagutuko dituzte. Hauekin bizitzari buruzko gauza garrantzitsu ugari ikasiko dituzte: zer egiteko gai izango ginateke inork eta ezerk ezinezkoa dela esango ez baligu? Zer gertatuko litzateke gure irudimen eta ametsen mundura aske bidaiatuko bagenu? Ikuskizun honekin Zirkun Zirkok umeak inspiratu eta motibatu nahi ditu beren ametsak eta  helburuak lor ditzaten. Sentsibilitate, umore eta inspirazioz beteriko ikuskizuna.

Gauean Kargak & Deskargak kaleko bertso eta musika proposamen ibiltaria abiatuko da. Igor Elortza eta Unai Iturriaga bertsolariek eta Josu Zabala eta Rafa Rueda musikariek osatzen dute Kargak & Deskargak kooperatiba. Beren misioa 2017ko udan euskaldunek jai egiten duten bitartean hiriburu batetik bestera bertsoz eta musikaz beteriko kaxak ekarri eta eroatea da. Gasteizen, GEU elkarteak, Arabako Bertsozale Elkarteak eta Oihaneder Euskararen Etxeak elkarlanean antolatuta, Aihotz plazako GEU txosnara eramango dituzte kutxak. Iluntzeko 21:00etan hasiko dira banatzen, ostean Gaztetxera salto egin eta Falerina lorategian bukatzeko.

Aldez aurretik badakite beren negozioa hondamenera kondenatua dagoela baina aberasgarria izango dela oso. Izan ere, lehengai bikainak dauzkate batean zein bestean banatzeko: euskaldunon pozak, kezkak, erruak, nahiak, ezinak eta minak… Kaleko bertso eta musika proposamen ibiltaria da Kargak & Deskargak; jendea batzen den eta egunerokoak bizitzen diren guneetara jota, gure jaiak eta gaiak tartekatuz garatuko dena.

 

 

Erantzun bat utzi