Oihaneder Euskararen Etxea

» Komunitatea » Kattalin Miner eta Karmele Jaio tar-tar-tar, Pilarreko liburutegian maiatzaren 10ean

Kattalin Miner eta Karmele Jaio tar-tar-tar, Pilarreko liburutegian maiatzaren 10ean

Egilea: maiatza 8, 2017 Iruzkinik gabe

Udalaren Liburutegi Sareak solasaldi berri bat antolatu du “Idazleekin solasean” izeneko zikloaren barruan. Euskaraz idatzitako literaturaren inguruan jardutea da ziklo horren xedea, eta horretarako idazleak liburutegietara etortzen dira haien lanaz hitz egitera. Karmele Jaio idazle gasteiztarrak koordinatzen du programa, eta kasuan kasuko idazlearekin solasaldi horiek dinamizatzen ditu, beti ere literaturaren eta irakurketak sortzen duen plazeraren inguruan.

Hurrengo hitzordua Kattalin Miner idazlearekin izango da, Pilarreko gizarte etxeko liburutegian, maiatzaren 10an, 19:00etan. Sarrera librea da.

katti

Feminismotik eta bazterretatik ikusten du mundua Kattalin Minerrek. Kazetaria da, eta hainbat hedabidetan kolaborazioak egiten ditu. Halaber, mugimendu feministako aktibismoagatik ezaguna da. Bere artikuluetan sarri jorratzen ditu feminismoa, familia eredua, patriarkatua edo homo/heterosexualitatea bezalako gaiak.

Kattalinek lehenengo eleberria du Nola heldu naiz ni honaino izenekoa, Igartza sariari esker idatzi zuena. Eleberriak Jezabel protagonistaren bizitza erakusten digu. Eroso bizi da Jezabel, baina jende guztiak bezala, egunero-egunero erabakiak hartzen ditu, batzuk handiak eta beste batzuk ez hainbeste. Handi zein txiki, guztiak dira garrantzizkoak. Eta ustez txiki dirudien erabaki batek bizitza aldatuko dio. Eta hasiko da sentitzen liburuko azaleko arraina bezala, kafean igerian, lekuz kanpo, beraz.

Literaturaz, idazteaz, bizitzaz ariko dira Karmele Jaio eta Kattalin Miner tartarrean.

Erantzun bat utzi