Oihaneder Euskararen Etxea

» Komunitatea » Juan Luis Zabala idazlearen solasaldia Aldabeko liburutegian

Juan Luis Zabala idazlearen solasaldia Aldabeko liburutegian

Egilea: azaroa 8, 2017 Iruzkinik gabe

Udalaren Liburutegi Sareak antolatzen duen “Idazleekin solasean” izeneko programaren barruan, Juan Luis Zabala etorriko da azaroaren 15ean Aldabe gizarte etxeko liburutegira.

Karmele Jaio idazle gasteiztarra arituko da aurkezle eta dinamizatzaile. Literatura, euskara eta hirurok jarri dio izenburua Juan Luis Zabalak solasaldiari eta, bertan, gaztarotik gaur arte literaturarekin eta euskararekin izan dituen harremanen berri eman ondoren, bere esperientzia pertsonaletik abiatuta, euskal literaturaren gaur egungo egoeraz gogoeta egingo du.

Juan Luis Zabala Berria egunkarian kultura alorreko gaietan kazetari aritu da urte luzez, eta hainbat literatura genero jorratu ditu: eleberria, biografia, poesia edo artikulugintza, esaterako. Azken urteetan, Txitu eta biok nobela (Algaida, 2016) eta Ospa ipuin liburua (Susa, 2017) argitaratu ditu.

Solasaldia azaroaren 15ean (asteazkena) izango da, 19:00etan, Aldabe gizarte etxeko liburutegian. Sarrera librea.

Erantzun bat utzi