Oihaneder Euskararen Etxea

» Komunitatea » Jon Arretxe idazlearekin solasean martxoaren 15ean Iparraldeko liburutegian

Jon Arretxe idazlearekin solasean martxoaren 15ean Iparraldeko liburutegian

Egilea: martxoa 8, 2017 Iruzkinik gabe

jon-arretxe_tx

Udalaren Liburutegi Sareak antolatutako “Idazleekin solasean” izeneko programa abian da berriro 2017. urtean hiriko liburutegietan. Euskaraz idatzitako literaturaren inguruan jardutea da programaren xedea, eta horretarako idazleak liburutegietara etortzen dira haien lanaz hitz egitera. Karmele Jaio idazle gasteiztarrak koordinatzen du programa, eta kasuan kasuko idazlearekin solasaldi horiek dinamizatzen ditu, beti ere literaturaren eta irakurketak sortzen duen plazeraren inguruan.

Azken hiru urteetan liburutegietara gerturatu diren idazleek euskaraz egiten den literaturaren erkusgarri bikain bihurtu dute programa: Miren Agur Meabe, Mariasun Landa, Patxi Zubizarreta, Danele Sarriugarte, Lander Garro, Xabier Mendiguren, Katixa Agirre, Unai Elorriaga, Lourdes Oñederra, Gerardo Markuleta, Harkaitz Cano, Xabier Etxaniz Rojo, Jasone Osoro… den-denek bizipenak eta hausnarketak aletu dituzte solasaldietan liburuen eta literaturaren gainean.

Hurrengo hitzordua Jon Arretxe idazlearekin izango da, Iparralde gizarte etxeko liburutegian, martxoaren 15ean, 19:00etan. Sarrera librea da.

Jon Arretxek lotura berezia du gure hiriarekin. Bizkaian jaio zen (Basauri, 1963) eta Nafarroako Arbizu herrian du bizilekua, baina 15 urtean Gasteizen bizi izan da. Idazle eta bidaiaria, Sator lokatzak izeneko bere azken eleberriaren harira bere unibertso literarioari buruz hitz egingo digu.

Jon Arretxe saiatua da orain baino lehen ere inmigrazioaren azpimunduaren deskripzioa egiten, “ikusten” ez diren horien eguneroko bizimodua bistaratzen, eta Sator lokatzak liburuan ere hala egin du. Bilboko San Frantziskoko auzoan kokatzen da istorioa eta Toure igarle-detektibea da protagonista. Paperik gabekoen eguneroko bizimodu latza erakusten du, besteak beste, azken liburu honetan eta horri buruz eta bere literatur ibilbideaz ere hitz egingo digu idazleak.

Erantzun bat utzi