Oihaneder Euskararen Etxea

» Komunitatea » Izan Media tailer arrakastatsuak, teoriatik praktikara pasatzeko

Izan Media tailer arrakastatsuak, teoriatik praktikara pasatzeko

Egilea: iraila 26, 2017 Iruzkinik gabe

Giro ederrean ospatu genituen Izan Media tailerrak Oihaneder Euskararen Etxean. Hala Beditik eskerrak eman nahi dizkiegu tailer hauek posible egin dituzten guztiei: Hala Bedi Tabernako zerbitzariak, tailerrak euren borondatez eskaini zituzten irakasle guztiak, partaideak… Proiektuan parte hartzeko ateak zabalik ditugu: harremanak.halabedi@gmail.com.

 

Egun polita ospatu genuen Hala Bediko eta Herri Mugimenduko kideok aurreko larunbatean Oihaneder Euskararen Etxean, Gasteizen. Goizez eta arratsaldez komunikazioan trebatzeko aukera izan genuen 60 bat lagunok: ikasi, jakintza elkarbanatu eta teoritiatik praktikara pasatzeko aukera. Giro ona, batera egonez egun guztian zehar eta Hala Bedi Tabernan bazkaltzeko aukera ere izanez. Bide batez, eskerrak eman nahi dizkiegu Hala Bedi tabernako zerbitzariei, Gasteizera hurbildu ziren partaideei eta euren borondatez tailerrak dinamizatu zituzten irakasle guztie.

Irratigintza. Hori izan zen larunbateko tailerretako bat. Ahozkotasuna landu zuten goizean, praktikara eramanez eta ahotsak grabatuz. Arratsaldean, aldiz, editatzeko aukera izan zuten, proiektu honek berak erabiltzen duen programa baliatuz horretarako. Irratia ezagutzen ez duten horiek ere irrati batek nola funtzionatzen duen ezagutu zuten, Hala Bedi Irratia bera baliatuz horretarako.

Erdi Aroko azoka aitzaki,  argazkilaritza tailerrean ezagutza ezberdinak praktikan jartzeko aukera aparta izan zen larunbatekoa. Dos Por Dos  Photoko kideek teoria eta praktika uztartu zituzten, kalera ateraz beharrezko ezagutzak jasotzeko.

Sare Sozialak & Prentsa tailerrari dagokionez, bi bloketan banatu zen eguna. Goizean, Argiako Axier Lopezek eta Lander Arbelaitzek sare sozialak eta hauen agitazioa landu zuten. Arratsaldean, aldiz, Radio Euskadiko Iñaki Larrañagarekin Herri Mugimenduak prentsarekin izan beharreko harremanaz hausnartu zen, kasu praktikoak jarriz mahaiaren gainean.

Tailer jendetsuena  kartelgintzarena izan zen. 15 ikasle inguru egon ziren goizez eta arratsaldez kartelak nola egin trebatzen. Kartel bat nola egiten hasi, efektuak nola sartu, erakargarria nola izan… ikasi zuten tailer honetan.

Bideogintza tailerrean ere teoriatik praktikara pasa ziren egunak aurrera egin ahala. Goizean grabazioan trebatzeaz aparte, ediziorako aukera izan zuten arratsalde partean. Horren erakusle, jardunaldien laburpena biltzen duen bideoa. Bideo hau, bideogintza tailerrean parte hartu zuten hamar partaide inguruk egin zuten.

Eta orain, zer?

Orain lanera, komunikazioan trebatzera, aitzakiarik gabe. Horretarako aukera ederra izan daiteke Hala Bedin parte hartzea eta proiektu honen parte izatea. Tailerrean parte hartu dutenek formakuntza minimo bat jaso zuten larunbatean, baina Oihaneder Euskararen Etxera hurbiltzeko aukera izan ez zenutenok ere parez pare dituzue ateak zabalik, eta beharrezko formakuntza minimoa irratian eskaintzeko prest gaude.

Harremanetan jartzeko:  harremanak.halabedi@gmail.com

Erantzun bat utzi