Oihaneder Euskararen Etxea

» Albisteak » Ikimilikiliklik, Joxan Artzeren unibertsoa bizigai

Ikimilikiliklik, Joxan Artzeren unibertsoa bizigai

Oihaneder Euskararen Etxeko ur biltegiak Ikimilikiliklik · JA Artzeren unibertsoa bideo- instalazioa hartuko du, maiatzaren 26tik uztailaren 2ra arte. Arabako Foru Aldundiak antolatu du erakusketa; Oihaneder Euskararen Etxearekin, Gasteizko Udaleko Kultura Sailarekin eta EHU/UPVko Mikel Laboa katedrarekin elkarlanean.

Inaugurazioa, maiatzaren 26an izan zen. Bertan, Juan Kruz Igerabide idazle eta UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrako kideak erakusketa bere testuinguru historiko-artistikoan kokatu zuen

Ikimilikiliklik bidaia bat da; Joxe Antonio Artze Agirre (Usurbil, 1939) idazle eta musikariaren 40 urte baino gehiagoko obra poetikoan zeharreko bidaia. Ikus-entzunezkoak azken hamarkadetako euskal sortzailerik original eta garrantzitsuenetako bat eman nahi du ezagutzera. Joxan Artze ezaguna da Mikel Laboaren kantarik ikonikoenetako baten letrak idazteagatik, hala nola Txoria txori, Gure Bazterrak edo Zaude lasai, eta, orobat, Jexux anaiarekin batera txalapartari gisa egin duen lanagatik. Baina, Artzek badu, gainera, obra sakon bat,  gutxik ezagutzen dutena, artearen hainbat eta hainbat arlotan landua: poema liburuak, audio grabazioak eta agertokirako ikuskizunak.  Bideo-instalazioaren asmoa horietako bakoitza erakustea da.

Irudi, musika eta soinuz mundu batean barneraturik, ikusleek aukera izango dute haren lana ezagutzeko. UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak, San Telmo Museoak eta MorganCrea sormen-agentziak ekoiztutako lan hau Gasteizera etorri aurretik, Donostia, Hendaia, Usurbil, Washington, Arantzazu, Bergara eta Andoainen gozatu ahal izan dute erakusketaz eta denetan izan da arrakastatsu.

  • Erakusketaren ordutegia:
    • Asteartetik larunbatera:  11:00-14:00 / 18:00-21:00
    • Igandeetan: 11:00-14:00

Ikimilikiliklik instalazioaren osagarri Ttapa ttapa, ttaka ttaka, txalaparta jardunaldiak antolatu dira, UPV/EHUko Mikel Laboa Katedra eta Oihanederren elkarlanaren bitartez. Bertan txalapartaren alde teorikoa zein praktikoa landuko da, hiru egunez: ekainaren 14, 15 eta 17an.

Jardunaldien lehen egunean, ekainaren 14an, Argibel Euba eta Enrike Hurtado ikerlariek Artze anaiek -Joxeanek eta Jesus Marik- txalapartaren berreskuratze eta hedatze lanetan izandako garrantzitik abiatuko dira.   Zehazki, Argibel Eubak, Sormena ttakunka: txalaparta Artze Anaien ibilbidean eta euskal kultura garaikidean izeneko hitzaldia egingo du eta bigarrenak, Enrike Hurtadok, Txalaparta digitala: txalaparta eta abangoardiako musikaren arteko ikerketa praktikoa gaiaren inguruan hitz egingo du.

Hilaren 15ean Nömadak TX film-dokumentala emango da eta Oreka TX taldeko partaide den Harkaitz Mrtz. de San Vicentek dokumentalaren nondik-norakoak azalduko ditu.

Larunbatean, ekainak 17, Falerina lorategian burutuko den Txalaparta jaialdiak  amaiera emango die jardunaldiei.

Bertan Txalamako eta Hutsun taldeek umeentzako txalaparta tailerra eta Master Class-a eskainiko dute, hurrenez hurren. Bertan parte hartzeko  izena eman behar da honako inprimakia ekainaren 14a baino lehen betez.

Master Class-az gain,  Hutsun taldeak kontzertu didaktikoa eskainiko du lorategiko oholtzan.

 

 

Erantzun bat utzi