Oihaneder Euskararen Etxea

» Albisteak » “Hitzen ahairea, zeri kantatzen diogu euskaldunok?

“Hitzen ahairea, zeri kantatzen diogu euskaldunok?

Gotzon Barandiaran eta Rafa Rueda izango dira Kantuz eta Kontuz euskal kantagintza tailerren bigarren edizioaren gidariak. Hitzen ahairea, zeri kantatzen diogu euskaldunok? izenpean tailerra 2018ko urtarriletik maiatzera bitartean izango da. Izena emateko epea zabalik egongo da abenduaren 27ra arte.

Oihaneder Euskararen Etxeak eta GEU elkarteak elkarlanean antolatutako Kantuz eta Kontuz proposamenak gasteiztarrak euskal kantagintzara erakartzea du xede. Iaz abiatu zen Mikel Markezekin eta izandako harrera onaren ostean 2018an segida izango du.

Gotzon Barandiaran idazleak eta Rafa Rueda musikariak gidatuko duten “Hitzen ahairea, zeri kantatzen diogu euskaldunok?” izeneko tailerra 2018ko urtarriletik maiatzera bitartean izango da, hilabete bakoitzeko asteazken banatan 19:00-21:00 artean.

 

Tailerraren nondik-norakoak:

Zelan kantatu dute gure idazle eta musikariek Euskal Herria?

Zein eragin (izan) dute idazle eta musikarien artean sortutako kantek euskaldunon imajinarioan?

Zein alde dago Historia liburuetan erakusten digutenaren eta idazle eta musikarien artean sortutako kantek kontatzen dutenaren artean?

Galdera hauei erantzuna ematen ahaleginduko dira tailerrean parte hartuko dutenen artean. Horretarako, zenbait kantari eta musika taldek kantuetarako erabili dituzten testuak, eta kantari eta poeten arteko harremanak aztertuko dira.

Euskal Herriaren historiari errepaso bat egingo zaio, eta bertan txertatuko dira idazle zein musikarien arteko harremanak zein testuinguru historikoak beraiengan izan zuten eragina.

Idazle eta musikarien artean sortutako kantak izaki, idazleak eta musikariak aurkeztuko dira: datu biblio/diskografikoak zein biografikoak; kantak sortzailearen obran duen garrantzia; kantak argitaratu ziren une historikoan izan zuten eragina eta gerora gure imajinarioan utzitako arrastoa.

Kanta gehienak zuzenean joko dira, nahiz eta beste zenbait kanta grabazioetatik entzungo diren. Kantak letrari zein musikari dagokionez aztertuko dira.

Egitaraua:

  • Urtarrilak 10: Gure poeta eta musikariek Euskal Herriaren historiako hainbat gertakari gogoangarriri zelan eta zergatik kantatu zioten aztertuko da
  • Otsailak 7: Herrimina, natura, espetxea, bakea, mespretxua: Erbesteari edota gerrari begiratzeko kantak
  • Martxoak 7: Gerraosteko literatura eta kantagintza
  • Apirilak 11: 1980, zer da euskaldun izatea?: Gure herriak bizi izan dituen egun sumenditsuenak
  • Maiatzak 9: Gaur egun, zeri kantatzen diogu euskaldunok?

Izen-ematea:

Tailerrean izena emateko epea azaroaren 27tik abenduaren 27ra zabalduko da.

Matrikula orokorrak 30 €ko prezioa du, langabe eta ikasleentzat 20 €.

Ordainketa matrikulazio epea bukatu ondoren egingo da (saioa egiteko gutxieneko taldea sortu denaren jakinarazpenarekin batera bidaliko dira ordainketa egiteko argibideak).

Gotzon Barandiaran Arteaga:

1974ko martxoaren 21ean jaio zen Larrabetzun. Euskal idazle eta kulturgilea da. Literaturan egindako lanaz gain, besteak beste musikaren arloan Bihotz Bakartien Klubaren eta Katamalo taldearen partaidea izan da. Halaber, “Ahotsenea”-ren koordinazio lanak egin ditu Durangoko Azokaren lantaldean 2011tik 2013ra arte. Literaturari dagokionean Arrakalak (2004, Susa) eta Katamalo (2007, Susa) poesia lanak plazaratu ditu eta Errotik (2010, Susa) eta Gidariaren okerra (2015, Susa) nobelak.

Rafa Rueda:

1972ko abenduaren 28an jaio zen Mungian. Abeslari eta gitarrista da. Broken Bihotz eta Pi.L.T. taldeetan aritu zen, bakarlari moduan hasi aurretik. Bost disko grabatu ditu bere izenarekin: Kea (2003, Metak), Saredun eskua (2006, Gaztelupeko Hotsak), Zuhaitz okerretan gora noa (2008, autoekoizpena), Haragizkoa (2006, KAP), Enaren geometria (2011, autoekoizpena), Gabrielen lekua (2013, Erroa).

Literatura eta musika uztartzen dituzten hainbat proiektutan parte hartu du, eta ekoizle lanak ere egin ditu beste kantari batzuentzat (Petti, Anje Duhalde, Jon Enbeita, Txuma Murugarren, Kokein…). Estepan Urkiaga Lauaxeta poetaren omenezko disko bat koordinatu du ere, Ehungarrenean hamaika. Gaur egun Lou Topet taldeko kidea da eta Hiri kristalezkoa (2017, Elkar) diskoa plazaratu berri du.

Erantzun bat utzi