Oihaneder Euskararen Etxea

» Albisteak » Hartu zure lekua ZINELEKUn

Hartu zure lekua ZINELEKUn

ZINELEKU ikus-entzunezko prestakuntza eta emanaldiak sortzeko udalekuak igandean, uztailak 23, hasiko dira. Egitasmoak ikus entzunezkoen sortzaile berrien artean ikuspuntu komunitariotik diziplina-arteko harremana sustatzea du helburu. Proiektuaren partaideak, 18 eta 30 urte bitarteko gazteak, elkarrekin biziko dira hamabi egunez Gasteizen abuztuaren 3ra arte.

Udalekuetan zinema lantegiak, profesional zinematografikoen maisu eskolak eta bestelako arte diziplinak landuko dituzte; proiekzioetan, performancetan eta kontzertuetan ere parte hartuz. Ikastaro eta tailer  hauetariko asko Oihaneder Euskararen Etxean egingo dira, izan ere, Oihaneder egitasmoaren laguntzailea da.

Euskal Herritik, Frantziatik, Catalunyatik, Mexikotik eta Venezuelatik datozen artistak arituko dira zinema ikastaro hauen irakasle: Maider Fernández, Xabier Erkizia, Asier Altuna, Maider Oleaga edo Leire Apellaniz, besteak beste.

Horrekin batera doako zinema emanaldiak, hitzaldiak eta kontzertuak antolatu dira Gasteizko gune ezberdinetan (Oihaneder Euskararen Etxea, ZAS Kultur Espazioa, Baratza Aretoa eta Luz Roja). Hauen artean Oihanederrekin eta Filmazpitekin elkarlanean antolatutako Kortxeak & Krispetak zikloa dago. Bertan Frank Zappa, Janis Joplin eta Sid Vicious musikarien inguruko dokumentalak proiektatuko dira, uztailaren 26, 27 eta 28an, hurrenez hurren. Horrez gain 29an  Lou Topet eta Montauk Duo taldeen kontzertuak egongo dira.

Hartu zure lekua ZINELEKUn!

*Gonbidatu eta lantegi guztien informazio guztia: ZINELEKUren web orrialdean

Erantzun bat utzi