Oihaneder Euskararen Etxea

» Albisteak » Gazte sortegiak, sormena bizitzeko laborategia

Gazte sortegiak, sormena bizitzeko laborategia

Pazko-astean bost eguneko sormen egonaldia proposatzera dator “Gazte Sortegiak, sormen laborategia” ekimena. 14-18 urte bitarteko gazteei zuzenduta, Arabako lau sortzaileren eskutik bertsolaritza, antzerkia, musika eta ikus-entzunezkoen sortegiak egingo dira, Kanpezuko Ibernalo Aterpetxean. Izena emateko epea martxoaren 11ra arte egongo da zabalik.

Gazte Sortegiak, sormen laborategia” egitasmoa Oihaneder Euskararen Etxea, GEU elkartea, Arabako Bertsozale Elkartea, Mintzola Ahozko Lantegia, Topagunea eta Arabagara elkarteen lankidetzaren emaitza da.

Lagun artean sormena bizitzea, gazte sortzaileen sarea elikatzea eta euskararen erabileran eta gaitasunean eragitea bilatzen du. Horretarako Pazko-astean, apirilaren 3tik 7ra, 5 eguneko sormen egonaldia egingo da Kanpezuko Ibernalo landetxean. Egonaldiko egun bakoitzean sortegi bat landuko da, lau guztira:  bertsolaritza, musika, antzerkia eta ikus-entzunezkoak.

Oihane Perea Arabako Bertsolari Txapelketako txapeldunak gidatuko du Bertsoa jolas izeneko sortegia. Bertan ahozko kultur sorkuntzen adierazpide ezberdinen lanketa egingo du. Jon Basaguren musikari eta esatariak letradun musika landuko du Musikaz egin izenpean. Unai Lopez de Armentia antzerkilaria eta Baratza aretoko arduradunak berriz antzerki teknikak landuko ditu Antzerki–aterki izeneko laborategian. Maider Oleaga zuzendari eta gidoilariak ikus-entzunezkoak izango ditu langai Zer daki begiak soinuez? galderaren testuinguruan.

Izena emateko:

14-18 urte bitarteko 20 gaztek hartu ahalko dute parte egonaldian 100 € ordainduta (4 gau eta otorduak barne). Interesdunek martxoaren 11 baino lehen eman beharko dute izena honako inprimakia betez edo  sortegiak@oihaneder.eus emailaren bitartez, euren izen-abizenak, jaiotze data, ikastetxea eta kontakturako telefonoa eta emaila zehaztuz. Izen-emate hurrenkera errespetatuko da.

Sormen eskola:

Egonaldiaren ostean, 2018-2019 ikasturtean, sormen eskola abiatuko da Oihaneder Euskararen Etxean. Eskolaz kanpoko ekintza bezala planteatuta, astean behineko saioetan antolatuko da. Sormen eskolaren inguruko informazioa aurrerago zabalduko da.

Erantzun bat utzi

X