Oihaneder Euskararen Etxea

» Albisteak » Guatemala, Tajikistan, Kirgizistan, India eta Melillara bidaiatzen GAW 2017ko irabazleekin

Guatemala, Tajikistan, Kirgizistan, India eta Melillara bidaiatzen GAW 2017ko irabazleekin

Baditugu Gasteiztarrak Arraun The World argazki-hizki lehiaketaren 2017ko irabazleak!

Ohiko lehiaketara aurkeztutako 27 lanen artean lau saritu ditu epaimahaiak. Kauldi Iriondoren Guatemalako Udaberri beroak argazki-sorta, Ainhoa Perez de Nanclares eta Koldo Zubizarretaren Pamir mendietan, Zetaren bidea desegiten izenekoa, Gaizka Untzuetaren India, fede kontua eta Arabako Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko Mugak zabalduz lanak izan dira irabazleak.

Publikoaren Gazte sariari dagokionez,  Leire Ruiz de Apodaka gazteari egokitu zaio. Bere Paisos Catalans izeneko argazki sorta izan da Instagram-era igotako argazkien artean “Atsegin dut” gehien jaso dituena.

Nabarmentzekoa da ohiko lehiaketara aurkeztutako aurtengo lagunen profila batez ere gaztea eta emakumezkoa izan dela. Zehazki  27 argazki-sortetatik 16 hogeita hamar urtetik beherako gazteek bidalitakoak izan dira eta 15 emakumezkoek eginak.

Irabazleen eta parte-hartzaile guztien irudi eta hitzekin mundua aldez-alde zeharkatu dugu, batzuetan bizikletan, besteetan trenez, sarri oinez edo autobusez; baina garraiobide erabiliena imajinazioa izan da, zalantza barik.

Zorionak irabazleei! Eta mila esker lehiaketan parte hartu duzuen guztioi!

Argazki-erakusketa eta aurkezpenak:

Saritutako lanen argazki-erakusketa urriaren 6an inauguratuko da arratsaldeko 19:00etan. Azaroaren 1era bitartean egongo da ikusgai Oihaneder Euskararen Etxeko bigarren solairuko klaustroan.

Bertan ohiko lehiketan saritutako lau argazki-sortetako aukeraketa bat topatuko du bisitariak. Irudiek Guatemalara, Kirgizistan eta Tajikistanera, Indiara eta Melillara bidaiaraziko dute gure imajinazioa. Aurten gainera, argazki irabazleez gain, lehiaketara aurkeztutako beste irudi batzuk ikusteko parada izango da, pantaila digital batzuen bitartez. Bertan ikusgai egongo dira ere  Publikoaren gazte sarian parte hartutako irudiak.

Horrez gain, lan sarituen aurkezpen publikoak egingo dira urrian zehar, hiriko auzo desberdinetan, arratsaldeko 19:00etan:

Orain arteko dinamikari jarraiki aurkezpenak epai-mahaia osatutako eragileekin elkarlanean antolatu dira: Sarburu elkartea, Gauekoak, Zizta Euskara Taldea eta GEU elkartea.

Erakusketa ikustera eta aurkezpen publikoetara doazen lagunen artean Durango inguruko Garaiko Landetxean bi pertsonentzako gau bateko egonaldia zozkatuko da (denboraldi baxuan, zubietatik eta udatik kanpo). Zozketan parte hartzeko erakusketan eta aurkezpenetan eskuragai egongo den eskuorria bete beharko da. Zozketa azaroaren 3an izango da.

Hona hemen lehiaketara aurkeztutako argazki batzuk:

 

 

Erantzun bat utzi