Oihaneder Euskararen Etxea

» Komunitatea » ‘Gasteizen Bai’ Merkataritzaren eta Euskararen Astea

‘Gasteizen Bai’ Merkataritzaren eta Euskararen Astea

Egilea: otsaila 3, 2017 Iruzkinik gabe

Gasteizko Udalak ‘Gasteizen Bai‘ leloa duen Merkataritza eta Euskararen Astea antolatu du. Hiriko merkataritza eta ostalaritzaren alorretan euskara bultzatzea helburu duen programa otsailaren 4tik 12ra gauzatuko da.

Udaleko Euskara zinegotzi Iñaki Prusillak azaldu ditu astearen nondik-norakoak eta programa ezagutzera eman du. Udaleko Enplegu eta Garapen Iraunkorreko zinegotzi Nerea Melgosak bere sailaren eta Euskara Zerbitzuaren lankidetza azpimarratu du. Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Igone Martínez de Lunak erakunde publikoek merkataritza eta ostalaritzan euskarak presentzia handiagoa izan dezan eskaintzen dituzten zerbitzuak errepasatu ditu. Eta, horren ostean, Aenkomer merkatarien federazioko Edurne Parrok halako ekimenek merkataritzari balio erantsia emateko eta prestigiatzeko duten garrantzia azpimarratu du.

Kazetari eta bertaratutako eragileei azalpen guztiak eman ostean, bultzatzaileek ‘Gasteizen Bai’ kanpainaren keinua eginez argazkiak atera dituzte, Udaleko Euskara Zerbitzuak, kanpaina honen baitan, instagram-en abiarazi duen lehiaketari hasiera emanez.

Kanpainaren xehetasunak

Udaleko Euskara Zerbitzutik antolatutako Merkataritza eta Euskara Astearen helburua da arlo hauetan euskararen presentzia eta erabilera sustatzea. Programa otsailaren 4tik 12ra bitartean gauzatuko da gure hiriko hainbat lekutan.

Testuingurua

Dakizuen bezala, Vitoria-Gasteizko Udalaren Euskararen Biziberritzeko Plan Nagusian 2013-2017 epealdian nabarmendu egiten da merkataritzak eta ostalaritzak garrantzia berezia dutela, beren eragina egunerokoan biztanle guztiengana heltzen delako, eta hiriaren hizkuntza paisaian pisu espezifiko handia dutelako.

Merkataritza eta ostalaritza arloetan funtsezkoa da zerbitzu ona eskaintzea eta bezeroak ondo artatzea negozioa arrakastatsua izateko. Horren bidean dihardute hiriko merkatari eta ostalariek. Gainera, Gasteizko errealitate linguistikoa ari da aldatzen euskararen mesedetan, eta establezimenduen kudeaketa linguistikoan laguntzeko asmoz Udalak urte batzuk daramatza hainbat zerbitzu eskaintzen (errotulazioa aldatzeko diru-laguntzak, itzulpen zerbitzua dohainik, langileentzako euskara ikastaroak).

Testuinguru honetan, Merkataritza eta Euskararen Asteak balioko du hiriko hainbat profesionalek euskararen alde egin dituzten, egiten dituzten eta egingo dituzten pausoei merezitako aitortza egiteko, gero eta handiagoa den ahalegin horri ikusgarritasun handiagoa emateko, eta sektore hauetako beste profesionalei eta hiritarrei euskararen aldeko keinuak egitera gonbidatzeko.

Mezu baikorra eta keinua

Asteari mezu baikorra gehitu diogu, euskararekin guztiok irabazten dugulako: sektore horietako profesionalek, hiritarrek eta hiriak berak. ‘Gasteizen Bai, merkataritzari, ostalaritzari, euskarari’ leloarekin, keinu positiboa eginez, guztion artean hiri hobeagoa egingo dugulako.

Bai aitortza da, konpromisoa.
Bai da laguna, bezeroa hartzen dugun modua.
Bai bizitza ikusteko modua ere bada.
Bai keinu bat da.

Baikortasunaz gain, keinu kontzeptua hartu dugu ardatz, bere txikitasunean indarra duena. Hori erabiltzea erabaki dugu Vitoria-Gasteizko egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta euskararen aldeko pauso eta jarrera txikiek ere balio handia dutelako. Hiritarron, profesionalen… edozein keinuk batu egiten du, ezinbestekoak dira.

50 euroko erosketa-bonoen zozketa

Eta keinuarekin lotuta, hirian zeresan handia duten baina askotan instituzioetatik urrun sentitzen diren gazteei ere arreta berezia eman nahi izan diegu. Gazteak zein nagusiagoak gonbidatu nahi ditugu eskuarekin kanpainako leloa den ‘bai’ keinua eginez argazkia egin eta instagramera igotzeko #gasteizenbai hashtag-a erabilita. Parte-hartzaileen artean ere sariak izango dira: argazkiak igoko dituztenen artean 50 euroko erosketa-bonoak zozketatuko ditugu.

Programazioa

Aste osoaren programazioa gasteizenbai.eus webgunean kontsulta dezakezue eta ez dago esaterik hiritar oro ekintzetan parte hartzera gonbidatuta dagoela.

Otsailak 4, larunbata. Argazki erraldoia egingo dugu. San Frantzisko aldapan, farola handian. 14:00etan. Animatu eta parte hartu argazkian!

  • Otsailak 8, asteazkena. Kike Amonarriz soziolinguistak ‘Euskarak merkataritzari eta ostalaritzari ematen dion balio erantsia’ hitzaldia egingo du Oihanederren 20:30ean.
  • Otsailak 9, osteguna. Antso Jakitunaren kalean kale-antzerkia izango da, 20:00etan.
  • Otsailak 10, ostirala. Hiriko ostalaritza eta merkataritzako hiru negozioei aitorpena egingo diegu Nurat abesbatzaren laguntzarekin, 18:30etik aurrera.
  • Otsailak 11, larunbata. Txanogorritxu ipuin kontaketa musikatua, El Boulevard merkataritza gunean, Alaia Plazan, 17:30ean.
  • Otsailak 12, igandea. Graftiti margoketa, Artium alboan. 12:00etatik aurrera.

Gozatu asteaz eta egin keinu bat euskararen eta hiriaren alde, Merkataritza eta Euskararen Aste honetan zein egunerokoan.

Instagrameko zozketa

‘Bai’ keinua eginez igo zure argazkia instagram-era #gasteizenbai hashtag-a erabilita. 50 euroko erosketa-bonoak zozketatuko ditugu.

Erantzun bat utzi