Oihaneder Euskararen Etxea

» Agenda » Oso Fan

Oso Fan taldea dugu iraileko Eskilarapeko Soinuak formatu txikiko musika kontzertuen zikloko protagonista. 17/18 ikasturteko lehenengo kontzertua Falerina lorategian izango da.

Bi urte pasa dira Giorgio Bassmattik eta Oriol Floresek Oso Fan taldea sortu zutenetik. Ingalaterrako eta Amerikako Estatu Batuetako folk eta pop doinuen edertasunaren zaporeak  euskaraz abestuz abesti propioak egin dituzte: melodia goxoak egiten eta batzuetan Estatu Batuetako folk berriaren (Elliott Smith, Bright Eyes…) tankerak hartuz.

Dagoeneko bira ederrak eman dituzte Lou Topet taldearekin: Kafe Antzokia (Bilbo eta Durango), La Zentral (Iruña), Sala Kutxa (Donostia), San Agustin (Azpeitia), Modelo Aretoa (Zarautz). Eta ezin da ahaztu 2016ko udaberrian Japonian emandakoa.

Bere lehen diska 21’ 44’’ orain dela gutxi argitaratu da, Xabier Erkiza ekoizlearen esku finak abestiak edertu ondoren. Bultzada ederra izango da seguru, Gure bazterrak 2016ko euskal musika taldeen lehiaketa irabazlea.

2015ean abiatutako Eskilarapeko Soinuak formatu txikiko kontzertuen zikloak ibilbide luzeko zein hasi berri diren musikarien eskaintzaz gozatzeko aukera ematen digu Oihaneder Euskararen Etxeko atrioaren goxotasunean. Kontzertuak hilean behin izaten dira, hileko azken ostegunean zehazki, 19:30ean.