Oihaneder Euskararen Etxea

» Agenda » Mugaldekoak

Nolabait hastapenetara itzuli da Mugaldekoak Galdemoduen trilogia izeneko lanarekin, betiere literatura eta musika uztartuta.

Alde batetik, Edu Zelaieta idazle arabarrak eta Beñardo Goietxe eta Raúl García musikari nafarrek osatzen duten jatorrizko hirukotearen formatua berreskuratu dute, grabazio estudioan inoiz baino laguntza handiagoa izan badute ere.

Beste aldetik, taldeak egindako piezak dira berriz proiektuaren ardatz, literaturaren nahiz musikaren aldetik.

Mugaldekoen trilogia osatzera datorren lan honek galderak eta galdemoduak ditu zuzenekoaren hari nagusi.

Letrei dagokienez, disko honek eduki kritikoagoa, sozialagoa eta aldarrikatzaileagoa du aurreko biek baino, eta umoreak zein (auto)ironiak ere leku zabala hartzen dute.

Musikari dagokionez, taldeak maite dituen sustraidun doinuak entzun daitezke: folka, popa, rocka, bluesa eta countrya.

Ikuskizuna Saski Naski, sorkuntza artistikoen otzara zikloaren barruan kokatzen da. Ziklo honek Euskal Herrian sortzen diren euskarazko ikuskizun ezberdinen erakusleihoa izan nahi du.

Hilean behin egiten da, igande arratsaldetan. Abenduko hau salbuespen gisa ostegunean egingo da.

Saski Naskik batez ere, literatura, antzerkia, dantza, irudiak eta musika uztartzen dituzten ikuskizunak izango ditu ardatz; baina ez dizkio ateak ixten beste mota batzuetako proposamenei, beti ere Oihaneder Euskararen Etxeko klaustroan egingarriak badira.