Oihaneder Euskararen Etxea

» Agenda » Halloween, Olentzero, karnabalak… norantz doaz gure neguko festak?

Halloween, Olentzero, karnabalak… norantz doaz gure neguko festak?

Halloween ala Gaztañerre? Olentzero ala Santa Klaus? Disfrazatu ala koko-jantzi?

Neguko festen iragana, oraina eta etorkizunaz gogoeta egitera gonbidatuko gaitu Oier Araolazak.

Gure kultura eta ospakizunak egunetik egunera aldatzen ari dira, eta aldaketa horien norabidean gutako bakoitzak badugu zeresana. Zer motatako festak izan diren, zein aldaketa izan diren azken urteotan eta aurrera begira zein festa mota bultzatu nahi ditugun gogoeta egiteko gonbitea izango da hitzaldia.

Gazteak, helduak, gaiarekin interesa duen edonor, eta bereziki hezkuntzan eta aisialdian ume eta gaztetxoekin lan egiten dutenak gonbidatuta daude gogoeta tarte honetara.

Edozeren gainetik Oier Araolaza (Elgoibar, 1972) dantzaria da, nahiz eta kazetari lanetan aritu den, eta antropologoa ere baden. Elgoibarren sortua, berehalaxe Eibarrera lekualdatu zen. 18 urterekin hartu zuen dantzari kontzientzia: «Gorputzaren kontzientzia hartu nuen, eta horrekin hautu oso garbi bat: erabat dantzari ematea. Hortik aurrera, nire dantzatzeko modua ere aldatu zen».

Haritz taldean ikasi zuen zenbait urtez, eta gaur egun Kezka eta Argia taldeetan aritzen da, eta dantza eskolak eman ditu Dantzertin. Beti dantza tradizionalean, horixe du bere gorputz hizkuntza. Dantzan.eus webgunea sortu zutenen artean dago, eta editore lanetan aritu zen bertan.

Euskal dantza liburuaren egilea da (Etxepare, 2012), eta 2010etik Kulturaren Euskal Kontseiluko kidea da. Gaur egun, EHUko ikerlaria da, eta dantza eta generoari buruzko tesia egiten ari da.