Oihaneder Euskararen Etxea

urtarrila, 2018

08urt(urt 8)00:0520mar(mar 20)23:55FeaturedGazte Sortegiak sormen egonaldiaIzen-ematea zabalik(urtarrila 8) 00:05 - (martxoa 20) 23:55

Ordua

Urtarrila 8 (Astelehena) 00:05 - Martxoa 20 (Asteartea) 23:55

Xehetasunak

"Gazte Sortegiak” sormen egonaldirako talde borobila sortu dugu!  Eta are borobilagoa izateko izena emateko epea astebete luzatu dugu. Beraz 14-18 urte bitarteko gazteak ADI!  Martxoaren 20ra arte izena emateko aukera berria duzue!

Egonaldia apirilaren 3tik 7ra izango da Kanpezuko Ibernalo Landetxean. Ekimenak lagun artean sormena bizitzea, gazte sortzaileen sarea elikatzea eta euskararen erabileran eta gaitasunean eragitea bilatzen du. Horretarako lau sormen laborategi egingo dira.

Lehen egunean, apirilak 3, Oihane Perea Arabako Bertsolari Txapelketako txapeldunak Bertsoa jolas izeneko sortegia gidatuko du. Bertan jolasen bitartez errima eta inprobisazioa landu eta bertso-sortak egingo dira.

Jon Basaguren musikari eta esatariak musika lantegia zuzenduko du Musikaz egin izenpean, apirilaren 4an. Lantegi honetan bakoitzaren gustu musikaletatik abiatuta Euskal Herriko musikaren historiaren birpasa txikia egingo da. Horrekin batera aurreko eguneko bertso-sortekin taldeka rap-reggaeton bat grabatzea proposatuko da eta guztien artean kanta bat sortzen saiatuko dira. Gazteek jotzen dituzten instrumentuak oso ongietorriak izango dira lantegi honetan, eta oro har egonaldi osoan.

Unai Lopez de Armentia antzerkilaria eta Baratza aretoko arduradunak Antzerki–aterki izeneko laborategia egingo du apirilaren 5ean. Aurreko egunetan landutako bertsoak eta abestiak gorputz adierazpenera eramatea proposatuko die gazteei. Horrekin batera talde entzumena lantzeko teknikak egingo dira, baita inprobisazio ariketak eta antzerki-muntaia txiki bat ere.

Maider Oleaga zuzendari eta gidoilariak ikus-entzunezkoak izango ditu langai Zer daki begiak soinuez? galderaren testuinguruan, apirilaren 6an. Zinemaren marko teorikotik abiatuta aurreko egunetako bizipenak irudien eta soinuen bitartez adierazteko saiakera egingo dute, zinemaren aukera eta mugetan arreta jarriz.

Sormen laborategi bakoitza 10:00-13:30 eta 15:30-18:30 artean landuko da. Ostean dinamika eta gaubela desberdinak egingo dira sormen bizipena osotzeko.

Egonaldiak 100 €ko prezioa du (4 gau eta otordu guztiak barne) eta izena emateko epea martxoaren 20an itxiko da. Interesdunek formulario hau bete beharko dute edo sortegiak@oihaneder.eus emailaren bitartez izena eman, izen-abizenak, jaiotze data, ikastetxea eta kontakturako telefonoa eta emaila zehaztuz.

 “Gazte Sortegiak” egitasmoa Oihaneder Euskararen Etxea, GEU elkartea, Arabako Bertsozale Elkartea, Mintzola Ahozko Lantegia, Topagunea eta Arabagara elkarteen lankidetzaren emaitza da.

Egonaldiaren ostean, 2018-2019 ikasturtean, sormen eskola abiatuko da Oihaneder Euskararen Etxean. Eskolaz kanpoko ekintza bezala planteatuta, astean behineko saioetan antolatuko da.

Erantzun bat utzi

X