Oihaneder Euskararen Etxea

ETXEA

Montehermoso etxea

Oihaneder Euskararen Etxea eraikina Gasteizko erdigunean dago, hirigune historikoan. Gasteizen eraiki zen aurreneko jauretxeetako bat da. Hasieran, Agirretarren jauretxea “El Palacio” izenarekin ezagutzen zen. Gerora, Vicente Agirreren alargunari Montehermoso markesgoa eman zioten , eta “Montehermoso jauregia” bezala ezagutzen hasi zen. Markesgo honen izena Nafarroako Oyanederra jauregitik dator, gaztelaniara egokitu eta Montehermoso bihurtu zuten.

Oihaneder euskararen etxea hartzen duen eraikina XVI. mendeko jauregia da, Ortuño Ibañez de Agirre eta Maria Eskibel Arratia senar-emazte eta gortesau ospetsuen aginduz eraikia. Sarritan berritu da, eta, egun, ezer gutxi geratzen da antzinako eraikin hartatik.

Garai batean, ehun bat urtez, apezpikuen egoitza izan zen. Gainera, 1997an jauregia berreraikitzeko egindako lanen ondorioz, 1895ean eraikitako Ur Biltegi Zaharrarekin bat eginda dago egun. Bi eraikin horien bat-egiteari esker, eraikin historiko bat berreskuratu eta ondoren kulturgune bihurtu zen, eta halaxe jarraitu du egunera arte. Azken urteetan Montehermoso Kulturunea izan da.

Bestalde, ezaguna da Gasteizko alde zaharraren soslaiak almendra itxura duela: hor dago Gasteiz zaharraren muina, Victoria hiriaren sorgunea.

Hiria lau aldeetara zabaldu arren, Oihaneder jauregiak hor jarraitzen du Gasteiz berriaren erdigunean, bere funtzioa betetzeko leku ezin hobean: euskara eta kultura erdigunetik Gasteiz osora barreiatzen duen arnasgune bat izateko, alegia.