Oihaneder Euskararen Etxea

» Albisteak » Bertako kortxeak; hango krispetak

Bertako kortxeak; hango krispetak

Kortxeak & Krispetak zinema eta musika zikloaren 3. edizioak 60ko eta 70eko hamarkadetako hiru musikari ospetsu izango ditu protagonista: Frank Zappa, Janis Joplin eta Sid Vicious. Lou Topet eta Montauk Duo taldeen kontzertuak emango dio amaiera zikloari. Proiekzioak uztailaren 26, 27 eta 28an izango dira eta kontzertua larunbatean, uztailak 29. Emanaldi guztiak 22:00etan hasiko dira Falerina lorategian.

Oihaneder Euskararen Etxeak antolatutako Kortxeak & Krispetak zikloak musika eta zinema uztartzen ditu. Aurten Filmazpit eta Zineleku programekin elkarlanean antolatu da eta 4 egun jarraian garatuko da: uztailaren 26, 27, 28 eta 29an. Filmak jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin proiektatuko dira.

Lehen saioan, uztailaren 26an, Eat that question: Frank Zappa in his own words (Thorsten Schütte, Frantzia-Alemania, 2016) dokumentala eskainiko da. Lan honek Frank Zappa musikariarekin topaketa intimoa proposatzen du, argazki ezezagunen bitartez.

Hurrengo egunean, uztailaren 27an, Janis: Little girl blue (Amy Berg, AEB, 2015) dokumentala proiektatuko da. Filmak Janis Joplin abeslari estatubatuarraren bizitzaren bilakaera kontatzen du, berak idatzitako eskutitzetan oinarrituz.

Uztailaren 28an Sad Vacation: The last days of Sid and Nancy (Danny Garcia, Espainia, 2016)  izenekoaren txanda izango da. Dokumentalak 1978. urtean Chelsea Hotelean jazotako zoritxarreko gertakaria du hizpide: Nancy Spungen, Sex Pistols punk taldearen kide izan zen Sid Vicious musikariaren bikotea, hilda agertu zen.

Kortxeek borobilduko dute zikloa uztailaren 29an. Larunbatean kontzertu bikoitza izango da: Lou Topet eta Montauk Duo. Hasteko Montauk gasteiztarrak bikote formatuan arituko dira (Beñat Goitia eta Jon Aranburu) ambience rocka pop gordinenarekin uztartuz. Ondoren, Lou Topet taldearen folk-rock soinuek beteko dute oholtza. Oier Aranzabal, Rafa Rueda, Oihan Larrañaga eta Ander Zulaika musikariak igoko dira eskenatokira.

Saio guztiak Falerina lorategian izango dira gaueko 22:00etatik aurrera. Ekimena doakoa da eta sarrera librea lekuak bete arte.

Erantzun bat utzi