Gazte sortzaileen lanak prest eta hurrengo deialdia abian

Ane Gebarak, Iñaki Landak, Gindi Auzmendik, Mikel Buruagak, Egoitz Díazek, Lurburu kolektiboak, Irantzu Lekuek eta Olatz Alonsok irabazi zuten Gazte Sortzaileak Bekaren 2017ko deialdia. Apirilaren 13an hasita eta irailera bitartean sortutako lanak aurkeztuko dituzte Oihanederren. Era berean bekaren 2018ko deialdia martxan da; izena emateko epea uztailaren 2an itxiko da.

Gazte Sortzaileak bekaren laugarren ediziora aurkeztutako proposamenetatik bost saritu ziren. Datozen asteetan lan irabazleetaz gozatzeko aukera izango dugu.

Ane Gebararen ipuin-kontalariaren proposamena izango da taularatzen lehena apirilaren 13an.  ‘Harriek kontatu didatena’ izenpean Arabako istorietan oinarritutako narrazio ikuskizuna eskainiko du Gebarak.  Sorkuntza prozesuan Itziar Rekalderen aholkularitza izan du bidelagun. Ikuskizunaz gozatzeko gonbidapena behar da eta dagoeneko agortu dira.

Apirilaren 17an Gindi Auzmendi, Iñaki Landa eta Mikel Buruagaren “Orainaldian:laissez faire’ ikus-entzunezko proiektu esperimentalaren txanda izango da. Gonbidapenak eskura daude Oihaneder Euskararen Etxean.

Maiatzean Egoitz Díazek sortutako ‘Atabala eta Euria’ laburmetraia ikusteko parada izango dugu. Honekin batera “Hemen eta han” dokumentalaren proiekzioa ere eskainiko da eta azken honen zuzendariarekin, Peru Magdalenarekin, solasaldia egingo da.

Ekainean Lurburu kolektiboak ‘Barrunbeko lurretan’ performancea egingo du. Irailean  Irantzu Lekue eta Olatz Alonsoren ‘Eraldaketa SortzaileOn afera’ proiektuaren azken atala egongo da ikusgai, erakusketa formatuan. Azken proiketu hau garatzeko Lekuek eta Alonsok Maider Oleagaren laguntza izan dute.

2018ko deialdia:

Gazte sortzaileak beka Gasteizko Udalaren Euskara eta Gazteria zerbitzuen, Arabako Foru Aldundiaren eta Oihaneder Euskararen Etxearen arteko lankidetzaren emaitza da.

16 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta gazteen artean euskarazko kultur sorkuntza sustatzea bilatzen du. Horretarako 4.000 €rainoko diru-laguntza lortzeko aukera eskaintzen du. Gainera gazte irabazleek profesionalen laguntza izango dute euren ekimenak garatzeko.

 2018ko deialdia zabalik dago jadanik; izena emateko epea uztaileraren 2ra arte egongo da irekita.

Parte hartzeko gazteek gazteria@vitoria-gasteiz.org posta elektronikora idatziz aurkez dezakete ideia —ez da beharrezkoa oso proiektu garatua izatea—. Udalaren Erregistro Nagusian zein Gizarte Etxe batean ere aurkeztu dezakete. Saritutako egitasmoen egileen 6-7 hilabete izango dituzte euren egitasmoa borobiltzeko eta ostean jendaurrean aurkezteko.